Norentzat eta zertarako

Hezkuntzako DBH 3. ikasmailako “Pentsamendu autonomoaren eta kritikoaren garapena” ikasgairako materiala

Ikasgai berria izanik, irakasleek ikasgelan lantzeko materiala prestatu eta egokitu beharra dute. Hala, gaur egun ikasgai hori lantzeko material gabezia nabaria da, zer esanik ez euskarazko ikasmaterialei dagokienez. Irakasleen lana apur bat errazte aldera, webgune honek irakasleentzako euskarazko ikasmateriala eskuragarri jartzea du helburu.

Egun, nerabeen artean gero eta osasun mental arazo gehiago dagoela antzematen da. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan gaia lantzea interesgarria litzateke.  Horretarako, web orri honetan gaia lantzeko materiala jaso dugu. Irakasle orok ikasgelan  euskarri gisa balia dezan. 

Horretarako, hainbat material eskura jarriko dira gelan lantzeko. Irakasleak ikasleen eredu direnez, sortutako ariketak aldez aurretik beren kabuz burutzea komeni da, ondoren, ikasleekin lantzeko.

Webgune honetan aurki dezakezuen materialaren helburuak honako hauek dira:

01
Euskarazko material gabeziari erantzutea eta irakasleek lantzeko materiala izatea.
02
Irakasleei ikasleekin autoezagutzaren alorra euskaraz landu ahal izateko materiala eskaintzea.
03
Nerabeak erresilientzian heztea; hau da, bizitzan etorriko zaizkien arazoei aurre egiteko baliabideak eskaintzea.
04
Baliabideak eskaintzea nork bere buruari entzuteko, sentitzen hasteko eta norberaren jarreren inguruan hausnartzeko.
05
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan norberak bere buruarekin duen harremana aztertzen hastea eta hortik besteekiko duen harremanak eraikitzeko bidean hastapenak ematea.

Proiektuan zehaztutako helburu horiek bat datoz ikasleek bereganatu behar dituzten konpetentzia orokorrekin, baita Pentsamendu autonomoaren eta kritikoaren garapena ikasgaiko konpetentzia espezifikoekin ere.

Kontuan izan behar dugu norbera izaten ikastea zehar-konpetentzia bat dela eta gainerako konpetentzietan eragiten duela. Norbera izaten ikasteko prozesuak besteekin harremanetan jartzera eramaten gaitu; eta besteekin harremanetan jarduteak, norbera izaten ikasten laguntzen digu.

Hortaz, garrantzitsua izango da alderdi somatikoari, mentalari eta emozionalari arreta jartzea erresilientzia lantzean, emozioak gorputzean somatizatzen ditugulako eta gure pentsamenduan, jarreran eta ohituretan eragiten dutelako. Beraz, garrantzitsua da gelditzea eta norberak bere burua entzuten ikastea. Horretarako, nola zauden eta horrek bizitzan zer ondorio dakarren galdetu behar da. Lanketa horrek lagunduko du norberak dituen beharrekin harremanetan jartzen eta irtenbide osasungarriak bilatzen ikasten.

Banakako lanketa horrek, ondoren, besteekin modu osasuntsuagoan harremanetan jartzera eramango gaitu modu organikoagoan. Hortaz, uste dugu norberak bere burua ezagutzeak, elkarbizitzan eragina duela. Horrek barne hartzen du, besteak beste: asertibo izatea, norbera eta besteak entzutea, ideiak lasai eta espontaneoki adieraztea, errespetuz jokatzea eta bestearen sentimenduak, pentsamenduak eta nahiak kontuan hartzea. Proiektu honekin, helburuetako bat da modu erabilgarrian azaltzea erresilientziaren bideak eskaintzen dituen gakoak gatazka-egoeren ebazpenerako, barnealdeko bakeak bere isla naturala izango duelako kanpoaldeko edo alderdi sozial eta komunitarioaren bakean.

 

Scroll to Top